75. iruzkina, 2001eko urriaren 15a

      SUPERPOTENTZIA BATEN ZALANTZAK

      Irailaren 11ko erasoak direla eta Bush presidentea eta bere bazkideak, begi bistakoa denez, haien potentziaren aurkako erasoari aurre nola egin eztabaidatzen aritu dira; AEBen ziurtasuna ere nola bermatu aztertzen ari dira. Kontu handiarekin egiten ari dira antza, gobernu estatubatuarrak har lezakeen edozein erabakik sor litzakeen ondorio txarren beldur dira-eta nonbait.

      Beren "Terrorismoaren aurkako gerran" haiek adi jarri nahi zuten "koalizioa"ren zabaltasunaren arazoari egin behar izan diote lehenik eta behin aurre. Gobernu estatubatuarrean bi iritzi ezberdindu daudela eta, nazioarteko komunikabideak esan eta esan aritu dira isildu gabe. A aukera koalizio zabal baten osaketa litzateke, baina helburuetan argi eta garbi definitua. B aukera aldiz, koalizio murriztu baten sorrera helburuen definizio zabal batekin. Nazioarteko prentsaren arabera Colin Powel litzateke A aukera horren bozemale nagusia eta Paul Wolfowitz Defentsa idazkariordea aldiz B aukeraren bozemale nagusia. Momentuz, itxura guztien arabera, Bush presidentea eta Cheney presidente ordea eta agian baita Defentsa Idazkaria den Donald Rumsfeld ere A aukeraren aldekoak dira, eta horixe da hain zuzen ere AEBk hasera batean nahiko luketena.

      Zer esan nahi du A aukera horrek? Esanahia nahiko garbia da; munduko ia gobernu guztiek Bin Laden harrapatzeko helburua bere gain hartzen dutela. Honek hasera batean ez dirudi kontu zaila denik, munduko inongo gobernuren onespenik ez baitaukate ez Bin Laden berak ezta Al Qaeda erakundeak ere. Salbuespen bat izan daiteke gobernu talibana, baina azken hauek lehenik eta behin AEBk salatu nahi dituzte, nola ez, eta nabarmen Errusia, Txina, Saudi Arabia, Pakistan, Egipto eta Iran ere salatu; Irakeko erregimena ere ez dute batere gustuko. Ez da batere harritzekoa gobernu hauek guztiek sentimendu antzekoa izatea haiekiko. "Bin Laden justiziaren aurrera eramateko" helburuak beraz, lagun asko batu ditu.

      Baina nola eramaten da Bin Laden justiziaren aurrera? Erantzuna, hasera batean, talibanei egiten zaien presioaren baitan dago, de facto ez bada, de iure Afaganistango gobernua osatzen dutenei. Ze presio mota? Ongi bada, bonbaketak eginez. Bonbaketa txiki batek behintzat "koalizioaren" laguntza izan du. Baina asko bonbaketatu beharko balitz zer? Ikusteko dago. Eta B aukera zaleek nahiko luketen bezala Irak sartuko balitz bonbaketatu beharrekoen artean? Oso gobernu gutxik onartuko lukete hori.

      AEBk ez dute B aukera alde batera utzi. Sinpleki A aukeraren alde egitea nahigo izan dute hasera batean behintzat. Bush presidentearen deklaraziotan, esandako hitzek atea zabalik utz diezaiokete B aukerari. Beste modu batean ere atea zabalik dago: baliteke koalizioa nahi bezainbat zabaltzea, baina ekintza militarrak bi herrialde baino ez ditu hartzen, AEBk eta Bretainia Handia.

      Eta ez da kasualitatea. Golkoko gerran ere Bush aita presidenteak Nazio Batuen Erakundeari baimena eskatu zion. Horrek ondorioak izan zituen, AEBk azalpen gehiago eman behar izan zizkien aliatu gehiegiri. Honelaxe, Kosovoren txanda ailegatu zenean, Clinton presidenteak kontu handia izan zuen Nazio Batuak alde batera uzten eta baimena NATOri baino ez zion eskatu. Azkenean ikusi zen NATO bertan ere AEBn militarren eskuak sobera lotzen zirela gobernu estatubatuarraren gusturako. Aldi honetan, NATOk laguntza militarra eskaini zuenean, AEBk ezetza eman zieten. Erabaki honekin Alemania oso haserre dagoela ematen du. Erabaki horrek ordea, esan nahi du AEBk B aukeraren alde egiten badute, Tony Blairrekin baino ez dutela eztabaidatu beharko (prentsaren esanetan aldiz, Blair bera ere Iraken aurkako eraso bat hastearekin ez legoke sobera komentzitua).

      Zer ari da ba gertatzen honekin guztiarekin? Bin Ladenek AEBn botere militar guztia kolokan jarri duenez, azken hauek botere hori azpimarratzea erabakiko dute. Ez da bakarrik gerta litezkeen hiritarren aurkako eraso puntualei erantzuteko gaitasuna izatea, baizik eta AEBk munduan den eta eraitsi ezin den potentzia bat dela adieraztea. Egiazki posible al da hau?

      A aukerarekin dagoen arazoa da, Afaganistanen aurkako bonbaketek, ez dutela gehiegi lortuko. Hurrengo pausoa ziurrenera, indar bereziak bidaltzea izango da. Bin Ladenek badaki hori eta hein batean halaxe nahi du gainera. Komentzitua dago afganiarrak Sobietar Batasuna gainditu izanaz eta beren sistema pikutara bota izanaz. Nola ez, AEBen ustean beraiek izan ziren Sobietar Batasuna eraitsi zutenak. Baino hori ez da Bin Ladenen iritzia. AEBk, bere garaian errusiarrek Afagnistanen jasotakoa jasoko dutelakoan dago bera. Honelaxe bukatu nahi du superpotentzia honekin. Bururik ez duen ideia ematen duen arren, nork pentsatuko zuen orain dela bi hilabete New Yorkeko Dorre Bikiak botako zituenik baten batek?

      Bush, Rumsfeld eta Blair errepika eta errepika aritu dira letania baten moduan, gerra "luzea" izanen dela eta gutxien-gutxienez, urtebete iraunen duela (bi edo hiru?). Horrelaxe ari dira prestatzen AEBetako biztanleria eta munduko iritzi publikoa, izan ere posible baita gaipena ez lortzea epe laburrean. Gerra "luze" baten kasuan Bin Ladenen helburuen alde jokatzen du denbora pasatzeak, agerian geratuko bailitzateke superpotentziaren oinak buztinezkoak direla. Gerra luzea bada (eta jende asko hiltzen bada), irabazi militar argirik gabe, gauza ezberdinak gerta daitezke. Koalizioa apur liteke eta zehazki Pakistanek eta Saudi Arabiak eman dion laguntza eten liteke. AEBetan, Mendebaldeko herrialdeetan eta munduko gainontzeko lurraldeetan "bakearen aldeko mugimendua" jarriko da agerian gero eta gehiago.

      Baina akaso Bushen administrazioarentzat okerrena, administrazio hori bera apurtzen hastea da. B aukeraren aldekoek A aukerari kritika zorrotzak eta salaketa gehiago eginen dizkiote. Nork aurkeztuko du bere kargu uztea orduan? Dena dela horrelako gertakizun bat ez litzateke aldekoa izango Bush presidentearentzat. Gainera Ekialde Erdialdean Estatu kolpe bat edo gehiago gertatuko balira, AEBetako gobernuarekin hainbesteko laguntasunik ez luketen gobernuakeratuko balira... Horrek gauzak okertzea baino gehiago ez luke egingo. Indarkeria beste fronte batzuetara zabalduko balitz (ez bakarrik Israel/Palestina, baizik baita ipar Irlanda, Indonesia edo batek daki non ere), Bin Laden okerrena izatearen ideia eta munduko "terroristarik" handiena izatearena zentzua galtzen hasiko litzateke.

      AEBen gobernuaren ikuspegitik, nola ez, ideia hori oso ezkorra da. B aukaren aldekoek aipatuko lukete inondik inora ere ez dela saihestezina. B aukera bultzatuko lukete, ez hori bakarrik, baizik eta indartzen saiatuko lirateke, esaterako arma nuklear taktikoen erabilera leku batean edo bestean. Horrelako jokozelai bat ez da inondik ere gertaezina. Baina horrelako jokaera batek, arlo diplomatikoan AEBen bazterketa serio bat eragingo luke. Beste alde batetik A aukera mantenduko balitz ere, baina AEBk ez balute Bin Laden desagertaraztea lortuko, beste herrialde batzuen laguntza diplomatikoa arriskuan legoke.

      AEBk beren buruari oso xede handiak ezarri dizkiete. Pozik zeuden , Sobietar Batasunaren desagerpenarekin, egiazko superpotentzia bat zirelakoan, eta inongo indarrik beren bidean jarriko ez zelakoan zeuden. Gaizki ulertu zituzten oso mugatuak izan ziren garaipenak Kosovon eta Golkoan, gauzak horrela izatearen froga gisara aurkeztu zituzten. Baliteke orain konturatzea gauzak ez zirela benetan horrela. Horrela bada, munduko gainontzeko herrialdeekin duten harremana berraztertu beharrean ikusiko dute beren burua. Bin Ladenek urteetan mundu musulmanaren kontra egindako mesprezuen bengantza egin nahi du. Mundu ezberdin bat ezartzera ailegatu nahi du. Baina ziurrenera mundu horretan gutariko gutxi egonen litzateke eroso, ez genuke bizitzeko modukotzat ikusiko. Ez litzateke ezta urrundik ere mundu hobea izanen, ezta musulmandarrentzat ere.

      Bin Laden oso gizon bizkorra da eta konbiktzio ideologiko oso sakonak dituena. Beheranzko joeran dago AEBen izaera, potentzia hegemoniko gisan eta hori probestu du berak, beraien antolaketa ahultasunak. Ez dago batere argi ea AEBk (bai Bush edota lehen Bill Clinton) errealitate geopolitikoak ez ote dituzten Bin Laden eta Al Qaeda bezain ongi ulertzen jakin. Gerran eta diplomazian bakoitzak bere buruari ziria sartzeko lekua bada beti.

      Immanuel Wallerstein (2001eko urriaren 15a)


      © Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.

      Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).